2010/09/07
Urtero irailaren lehendabiziko bi asteburuen artean ospatu ohi diren Donostiako Euskal Jaiak iragarriko dituen kartela erabakitze aldera antolaturiko lehiaketa irabazi du maramara* taldeko Bi tanta diseinatzaile taldeak.
Yoana Figueras diseinatzaileak jai-egun bakoitzari euskal kulturaren erakusgarri den irudi bat eman dio, egitarauko ekitaldiak eta festa giro alaia egokiro islatuta, eta oso antzinako ohiturak gaur-gaurko ikuspegiaz itxuratuta.
Egindako lan bikainaren fruitua da lehiaketa irabazi izana, eta, ziur aski, gerora etorriko diren sari gehiagoren hazi, Bi tantak aurrera darraielako, tantaz tanta, diseinu eta komunikazio alorreko hainbat lan ontzen.
2010/07/06
maramara* taldeak eta HABEk (Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundea) hitanoari buruzko udako ale berezi bat kaleratu dute, euskara ikasten ari direnei hika egiten laguntzeko. Liburuxka maramara* taldeko zuzendari Ritxi Lizartzak idatzi duen Mintza hadi lagun! liburuan oinarrituta dago, eta azalpenez, elkarrizketez, ariketez eta erantzunez osatuta.
Ale bereziak bi helburu ditu: batetik, ikasleei hika egiten dutenen jarduna ulertzen laguntzea; eta, bestetik, beraiek hika egiten saiatzera bultzatzea.
HABEk udan, urtero, ale berezia kaleratu ohi du eta, aurtengoa, hitanoari buruzkoa da, esan bezala. Irakurterraza eta praktikoa. Gainera, oso arina denez, edonora eraman daiteke.
PDF formatuan jaits dezakezu
2010/05/01
Hizkuntza zerbitzuetatik abiatuta, beste hainbat zerbitzu ere sortu ditu maramara* taldeak eta gero eta sendoago dago. Horren erakusle dira sortu berri ditugun Maluta argitaletxea eta Bitanta diseinatzaile eta informatikari taldea.
Gure bezeroek zabaldu nahi duten mezua dagokion lekura hel dadin, hizkuntza zerbitzu integrala eta kalitatezkoa ematen du maramarak. Horren erakusle ditugu ISO 9001:2008 eta UNE-EN-15038:2006 ziurtagiriak.
2010/04/23
maramara* taldeko Maluta argitaletxeak webgunea sortu du, eskaintzen dituen zerbitzuen berri emateko. Malutak hainbat euskarritan egiten ditu argitalpenak: papera, CD-ROMa, DVDa eta internet. Dena den, Maluta argitaletxearen produktu guztiek ezaugarri komuna dute: diseinu grafiko ezin berritzaileagoa dute eta kalitate handikoak dira. Malutak, bere argitalpen taldeko profesional adituei esker, maramara* taldeko itzultzaile eta zuzentzaileen laguntza du, baita Bitantako diseinatzaile eta informatikariena ere. Prestakuntza eta informazioa helburu eta euskara oinarrizko hizkuntzatzat hartuta, ikasliburuak, literatura lanak, umeentzako eta gazteentzako lanak, jolaserako liburuak eta eskuliburuak argitaratzen ditu Malutak. Azken finean, interesa pizten duten produktuak sortzen ditu, teknologia berriak erabiliz: produktu erakargarriak eta irakurterrazak.
2010/04/20
maramara* taldeak Durangoko 44. Liburu eta Disko Azokan aurkeztutako Hitanoa. Mintza hadi, lagun! gidaliburuari buruzko hitzaldia emango du Ritxi Lizartza egileak, datorren maiatzaren 4an, Donostian. Hitzaldia Liburutegi Nagusiko areto ekitaldian izango da, 19:30etik aurrera (San Jeronimo kalean dago sarrera).
Azkenaldian, hitanoari buruzko hitzaldi gehiago ere eman ditu Lizartzak. Hala, apirilaren 21ean, Donostia bertako Egia auzoko kultur etxean aurkeztu zuen Hitanoa. Mintza hadi, lagun! liburua eta martxoaren 24an Iruñean izan zen, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuak gonbidatuta.
2010/03/13
maramara* taldearen baitako Bitanta diseinatzaile eta informatikari taldeak webgunea aurkeztu du. Bitantaren ustez, gaur egun, diseinua komunikatzeko tresna nagusietako bat da, ez estetikoki erakargarria izateko bide bat bakarrik. Horregatik, proiektu bakoitza erronka berri bat da eta, originaltasuna, ezinbesteko ezaugarria. Interneten egoteak sekulako garrantzia duela jakinik, Bitantak web proiektuen, berripaperen… bitartez konektatuko zaitu. Zure diseinu premia guztiak betetzeko asmoz, irudi korporatiboak, merchandisinga, packaginga, publizitatea eta barne diseinu korporatiboa ere lantzen ditu, besteak beste.
Tantaz tanta jaio da Bitanta eta tanta berriena Realaren kamiseta da. Talde txuri-urdinak Lehen Mailara itzultzeko ahaleginarekin bat egiten du Bitantak, Ni ere txuri-urdina naiz goiburupean. Realaren kamiseta ederra webgunean bertan eskura daiteke.
2010/02/18
Mara Mara Taldeak Kerman mintzalagun bila programan hartuko du parte, hizkuntza kalitatearen arduradun gisa.
Kerman da ETBko hiru kateetan ematen duten programa honetako protagonista, euskara ikasten ari den algortarra. Liburuak utzi eta euskaraz mintzatzeko ahalegina egingo du Kermanek; hala, eguneroko bizimoduko egoeretan izango dituen zailtasunak, akatsak eta ondo esanak nabarmentzen ditu programak.
Mara Mara Taldeak egiten ditu euskara aholkulari lanak programa honetan; horrenbestez, protagonistak duen euskara mailan ohikoak diren akatsak eta konpontzeko moduak erabakitzen ditu. Era berean, programako euskararen kalitatea ere Mara Mara Taldeak ziurtatzen du.
2010/02/13
Fernando Bernuések eta Mireia Gabilondok zuzendutako Mugaldekoak euskarazko telefilma arrakasta itzela izaten ari da. Donostiako Viktoria Eugenian aurrestreinaldia egin ondotik, Euskal Herriko hainbat herritako zinema aretoetan ematen ari dira uneotan eta harrera beroa izan du. Maiatzean, ETB1en estreinatuko dute bai telefilma, bai filmaren jarraipena den hamahiru ataleko telesaila. Tentazioak ekoizpen etxeak egin du, maramara* taldearen laguntzaz. maramara* taldea hizkuntzaren zuzentasunaz eta egokitasuna zaintzeaz arduratu da.
2010/01/04
Kalitatea ziurtatzen duen ISO 9001 ziurtagiria jaso du Mara Mara Taldeak, bere kudeaketa kalitatezkoa dela egiaztatzen duena, eta berariaz itzulpengintza zerbitzuetarako sortua den EN 15038.
Egiaztatzaile independeteak hainbat hilabetez aritu dira gure enpresaren zerbitzuak aztertzen, eta ebatzi dute Mara Mara Taldeak baldintza guztiak betetzen dituela kalitatezko kudeaketa gauzatzen duela esan ahal izateko. Itzulpengintzaren arlora etorrita, gainera, frogatuta gelditu da zeregin guztiak Europako arauak xedatutako moduan betetzen ditugula.
2009/12/09
Mara Mara Taldeak lehendabiziko aldiz hartu du parte Durangoko Liburu eta Disko Azokan, bere stand propioa jarrita. 44. edizio hau oso arrakastatsua izan da guretzat, izan ere, hizkuntza zerbitzuen inguruko bi arlo berri lantzen hasi gara, eta biek ala biek harrera bikaina lortu dute Durangora hurbildu diren euskaltzaleen artean:
- argitalpengintza: hizkuntzaren eta itzulpenen inguruko eskuliburuak. Esan bezala, lehendabizikoa Ritxi Lizartzak idatzitako Hitanoa. Mintza hadi, lagun! lana izan da, eta salmenta bikaina izan du.
- ikastaroak, on line eta presentzialak. Hauek ere hizkuntzaren eta itzulpenen ingurukoak, urtarrilean hasiko gara antolatzen eta jende askok erakutsi digu bertan parte hartzeko interesa.
Batari zein besteari buruz informazio gehiago jasotzeko, irakur ezazu gure web orria.
Hurrengo urtean ere Durangon egotea espero dugu, bi bide hauek sendotuta eta argitalpen berriekin.